XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INFORMAZIOA JASOTZEN, INFORMAZIOA EMATEN

2 INFORMAZIOA EMATEAREN EZAUGARRIAK AZTERTZEN

AZALPENA

Demagun kirolei buruzko artikulu bat idatzi behar duzula.

Seguraski ideia pila bat etorriko zaizkizu burura, baina guztiak nahasian, sailkatu gabe.

Hona hemen artikulu bat aztertzeko eta artikulua idazteko kontuan izango dituzun hiru puntu nagusiak.

Irakurri arretaz, zeure lana burutzeko balioko dizu eta!

Testu informatiboa eraikitzeko oso garrantzitsua da:

1) Nori zuzendua izango den jakitea.

- Ez baitiezu informazio berbera emango:

- gai horretaz asko dakienari eta gutxi dakienari.

- haur txiki bati, gazte bati eta heldu bati.

- Ez eta modu berean azalduko pertsona heldu bati eta haur bati.

Adibidez: haur bati adibide gehiago jarri beharko diozu hobeto uler dezan.

Helduak, seguraski, azalpenarekin nahikoa izango du.

- Ez eta hitz berberak erabiliko pertsona heldu bati zuzentzean eta haur txiki bati zuzentzean.

Badakizu hitz batzuk oso zailak direla ulertzeko.

2) Helburua garbi izatea: gai batez guk baino gutxiago dakien bati informazio berria ematea.

Beraz, garbi dago lehendabizi zeuk jaso behar duzula informazio hori.

Horrek esan nahi du zeure burua ongi jantzi behar duzula aukeratutako gaiaren inguruan.

Horretarako, ahalik eta informazio-iturririk gehienetara jo informazio horren bila.

Besteak beste, hauek izan daitezke zure informazio-iturriak: aldizkari espezializatuak, entziklopediak, liburuak, irratsaioak, telebista-saioak, gai horretan jantzita dauden pertsonak...

3) Hizkuntza ondo ezagutzea. Zenbat eta hobeto menperatu hizkuntza, hainbat eta errazago gertatuko zaigu testuari forma ematea:


- eskema osoa egitea (testua eta azpitestuak bereiztea izenburu eta azpizenburuen bidez, parrafoen bidez...)
- ideien lotura gauzatzea.
Baina hainbat lotura-mota daude, ikusiko duzunez, eta ezagutu egin behar dira.
- aditza eta deklinabidea ongi erabiltzea.
- puntuak, komak... ongi erabiltzea.
- letra argiz azaltzea.